XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Euskarazko irakaskuntza, irakasleen diplomak, berreuskalduntzea eta kulturaren sustatzea.

J. Haritxelar: Lau eskubide premiatsuen gozamena behar dugu baitezpada segurtatu J. B. Dirassar.

- EGUNA: Nola sortu zen holako elkarretaratzearen asmoa? - J. HARITXELAR: Iragan apirilean, harremanak ukan ditugu Pizkundea, Seaska eta AEKren artean.

Ikusteko nola denek elkarrekin zerbait egiten ahalko genuen euskal kulturari hats berri bat emateko iparraldean, erdietsiz edo lortuz ere kultura horren alde legezko laguntza batzu eta laguntza funtsezkoak.

Hola dugu moldatu maiatzaren leheneko, Baionako komertzialdegian, bilkura zabal eta ireki bat, euskal kulturari atxikiak direnak denak deituz biltzar hortarat.

- E.: Hain xuxen, arrakasta polita ukan zuen biltzar horrek.

- J.H.: Bai, hor kausitu ziren euskal kultura taldeetan lan egiten duten asko eta asko.

Izan abertzale edo ez.

Bai eta hautetsi zenbait.

Eta hor, batzu eta besteak arizanik solas eta solas, hauxe azpimarratu zen azkar, euskaldun bezala baditugula eskubide batzu ezin ukatuak eta eskubide horien gozamena baitezpada behar dugula legez segurtatua.

Hori ja bagenekian denek ere, baina hor bezain argi behinere ez genuen esana.

Hor bildu diren 200 euskaltzaleen deia hori izan zen beraz, eskubide horien alde kanpaina baten bultzatzea.

- E.: Eskubide horiek zein diren garbi oroitarazi zenuten.

- J.H.: Bai hori argitaratu genuen lau pundutan.

Lauak berdin premiatsuak gure iritziz.

- E.: Zeintzuk? - J.H.: Lehenik, euskarazko irakaskuntzaren legeztatzea.

Seaskak beti eskatu duen bezala.

Gero, legezko diplomak izatea irakasleentzat.

Frantses administrazio mailan, DEUG, licences, maitrise eta Capes deitzen direnak.

Hirugarren pundua, iparraldearen berreuskalduntzea da, eta bereziki AEKren bidez, euskara ez dakienak ikas dezan, eta mintzo duenak, baina irakurri eta idatzi gabe, ukan dezan alfabetatua izateko moldea.

Laugarren pundua, eta eremuak zabal dauzka, kulturaren sustatzea, izan bertsu, kantu, soinu, dantza, antzerki, prentsa, irrati, hots, izan idatzizko ala ahozko euskal giroa gure artean azkartuz (indartuz) joan dadin.

- E.: Holako eskaerak nori, Estaduari nahitez? - J.H.: Bai segur, bainan ez bakarrik Estaduari.

Bakoitxak bere mailan badu non zer egin euskal kultura laguntzeko.

Estaduak, Parisetik.

Akitania-Batzar Nagusiak, Bordeletik.

Kontseilu Jeneralak, Pabetik.

Udaletxe guztiek, bakoitxak bere neurrian, nahiz herri koxkor nahiz hiri haundiak izan.

Hain xuxen, artetik esateko, maiatzaren leheneko bilkura baino lehentxeago, Hazparneko udalak bazuen bozkatua dei bat helburu beretsua bere gain hartuz.

Dei hori beren kondu hartzea eskatu diegu iparraldeko udaletxe guztiei.

- E.: Nola izan da horien erantzuna? - J.H.: Udal-batzarrak ez dira noiznahi biltzen, batzuk hilabetero, beste asko bakanago.

Ainitzek ez diote beraz oraindik ihardetsi gure deiari guk dei hori hel araziz geroz ez baitira bildu, bereziki herri ttiki frangotan.

Baina hogei bat herriren ihardespen baikorrak hor ditugu.

- E.: Hilabete bat osoa edo kasik, kanpaina bat zabaldu da iparralde guztian.

- J.H.: Bai, harreman asko ukan ditugu kargudun eta hautetsiekin, mugi daitezen gure asmoen alde.

Esan diegu maiatzaren lehenean forum deitu bilkuran nolako gaiak eta nola ibili genituen eta zeri buruz.

Nasai ere aipatu bilkura hortan definitutako lau eskubide punduak.

Frantses kultura ministroarekin izan gara.

Ongi entzunak izan gara bereziki euskal kultura zentru edo etxe berria eraikitzeari buruz.